Auctoritas

Auctoritas, zuzenbide erromatarrean, gizarteak onartutako nolabaiteko legitimazioa da, jakintza batetik datorrena eta herritar batzuei ematen zaiena. Erabaki bati buruzko iritzi kualifikatua emateko gaitasun morala duen pertsonak edo erakundeak du auctoritas. Erabaki hori legez loteslea ez bada ere, eta ezin da inposatu, balio moral oso handia du.

Auctoritas kontzeptu erromatar peto-petoa da Erromako konstituzio politikoaren esparruan, «botere» kontzeptua ez bezala imperum edo potestas adierazpenetan[1].

Etimologia

Hitza latinezko augeretik dator (= handitu, zabaldu, hazi-arazi) eta beste norbaiten egintzari eraginkortasun juridikoa emateko oinarrizko zentzua du, edo beste norbaiten erabakiari edo jokabide sozialari garrantzia ematea publikoaren aurrean[2]. Émile Benveniste hizkuntzalariaren arabera, latinezko auctoritas boterearen jainkozko ikuskeran oinarritzen da, eta ez autoritate-posizioan ondoren doan banakoan[3].

Monarkia aurretik

Asentamendu protoerromatarrak ezagutuko duen lehenengo gizarte-antolaketa gentilizioa izan zen. Gentesei zegokien protagonismoa hiriaurreko antolaketan. Ondoren, erakunde gentilizioa desegin eta gizarte-antolaketa civitasera (universitas civium), polis grekoaren antzekora, igaro zen, erakunde erromatar askoren hasierako une eta auctoritasen ideiarena. Botere- eta autoritate-ideien bereizketa ez da gertatuko erakunde sozio-politiko gentilizioetatik monarkikora igaro arte[1].

Monarkia, errepublika eta auctoritas patrum

Komunitateak, taldearen identitatea sentitzeko eta kohesioaren bidez bere biziraupena ziurtatzeko, instantzia zentral bat eta goragoko bat finkatu zuen, botere hertsatzailea zuena eta jainkoarekin komunikatzeko eta haren interpretea izateko gai zena. Hala, komunitate-buruaren irudia sortuko da, errege edo rexarena, aztarna erlijioso indartsuarekin eta komunitatearen borondatearen menderatze-ahalmenarekin (regia potestas). Errege horren atzean, jatorrizko patrizioek lehentasuna izango dute.

Pentsa liteke potestas-auctoritas kontrajartzearen instituzionalizazioa gertatzen dela, hain zuzen ere, talde federatuen boterea edo inguruko komunitate txikietako kideen batzarra ordezkatzen duen botere indartsu bat agertzen denean. Auctoritas antzinako «botere-autoritate» antzeko baten aztarna izango litzateke, organo nagusi sentatorial batena, eta haren barruan biltzen ziren potestas-imperium eta auctoritas bi ideiak. Beraz, bi ideia horiek monarkiaren ezarpenarekin mugatuko lirateke. Hala, analistek Senatu monarkikoaren auctoritas patrumari emandako garrantzia azalduko litzateke, bai eta interregnumak subiranotasunaren alternantzian duen funtzionaltasuna ere[1]. Senatariek (seguruenik, patrizioek bakarrik) plebiszituak berresteko zuten botereari patrum auctoritas deitzen zitzaion. Hala ere, Erromaren eraketako puntu gutxi eztabaidatu dira hainbeste, eta iritzi banaketa gehiago izan, auctoritas patrumaren izaera baino[4].

Patres edo senatariak ziren auctoritasen agenteak, augurium publicumaren (funtzio edo jarduera publikoak babesten dituen indar erlijiosoa) gordailuzainak eta transmisoreak dira[5]. Auguriuma patrizioen erlijio-pribilegioa da.

Senatua K.a. 63 urtean (xehetasuna). Cesare Maccari (1840-1919)

Politikoki, Senatu erromatarraren agintea edo auctoritas patrum auctoritasekin zuen harremana, ez nahastu herriak edo magistratuek zituzten potestas edo imperiumekin. Testuinguru horretan, auctoritas beste ekintzaren bat baimentzeko botere juridiko gisa defini daitezke. Zizeronek hau dio boterea eta agintearen gainean, Cum potestas in populo auctoritas in senatu sit, hau da, boterea herriarengan dagoenean, Senatuarengan egongo dela agintea[6]

XIX. mendeko klasizistak, Theodor Mommsenek, auctoritasen "indarra" honela deskribatzen du: "aholkua baino gehiago eta agintea baino gutxiago, bazter utzi ezin daitekeen aholkua"[7].

Eremu pribatuan, tutoretzapeko pertsonak, hala nola emakumeak eta adingabeak, behartuta zeuden tutoreei zenbait ekintzatarako zehapenak eskatzera, hala nola, aitak semearen ezkontza baimentzen du —hau da, baliozkotu eta legitimatu— . Hala, auctoritasak "aholku pasibo" funtzioa izan lezakete, adibidez, autoritate akademiko gisa.

Inperioa eta auctoritas principis

Errepublika erori ondoren, Erromako Inperioaren egunetan, enperadoreak princeps titulua zuen (Erromako "lehen herritarra"), eta auctoritas principis —autoritate moral gorena— hartzen zuen, imperium eta potestasekin batera, hau da, botere militar, judizial eta administratiboarekin batera. Alegia, ez dago botere-banaketarik. Auctoritas principis, beraz, enperadore erromatarrari ematen zaion "autoritate"a da, bere princeps tituluagatik.

Augustoren Res gestaeren (Augusto enperadoreak autoospakuntzarako idatzitako autobiografia) testuaren erreplika, aldi faxistan sortua, Erromako Ara Pacisen oinarrian grabatua, Augustoren Mausoleoaren parean.

Augustok kontzeptu horren garrantzia aldarrikatzen du bere boterearen oinarrian, bere Res gestaeetako 34. kapituluan: Post id tempus auctoritate omnibus praestiti, potestatis autem nihilo amplius habui quam ceteri qui mihi quoque in magistratu conlegae fuerunt, hau da, auctoritas berea zela, baina potestas ez magistraturetan bere kideak zirenenak baino gehiago. 34. kapituluaren hasieran, gogoratzen zuen Senatuak eman ziola Augustus titulua, zenbait ohore berezirekin batera, bere merezimenduengatik (pro merito meo); Zizeronen testuetan bezala, auctoritas bertuteei eta merezimenduei lotuta dago. Gainera, auctoritas eta augustus etimologikoki lotuta daude[8]; beraz, auctoritas, berez, Augusto bezala ezagutzen denari dagokio.

Pixkanaka, auctoritas principis, enperadorearen eskuetan, botere legegile baten iturri bihurtuko da. Hasiera batean, Augustoren (quod principi placuit) iritziek garrantzi handia zuten ordena berrian, baina derrigorrezko indar juridikorik gabe. K.a. 13tik aurrera, Dion Kasiok oroimenean gordetzen lagundu zuen senatus-consultum batek[9] erabaki zuen enperadorearen ebazpen batek, bere kontseiluaren esparruan eztabaidatua, senatuak bere osotasunean hartu izan balu bezalako balioa izango zuela. Eta Dion Kasiok gaineratu zuen, botere hori aitortu bezain laster, lehen izatez bakarrik baitzuen (τῷ ἔργῳ), horrela tratatu zituela Estatuko gai gehienak. Botere hori enperadore bakoitzarentzat berritu zen inbestidura-legean (Lex de Imperio). Xedapen hori, iruzkingileek “klausula diskrezionala” deiturikoa, konstituzio inperialen indar juridikoaren iturria da[10].

Erreferentziak

  1. a b c Casinos Mora, Francisco Javier. (1999). «El dualismo autoridad-potestad como fundamento de la organización y del pensamiento políticos de Roma» Polis : revista de ideas y formas políticas de la antigüedad clásica (Universidad de Alcalá de Henares. Servicio de Publicaciones) 11: 85-109 or.. ISSN 1130-0728. (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  2. Txurruka, Juan eta Mentxaka, Rosaren laguntzaz (1994), Zuzenbide erromatarraren sarrera historikoa, Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 130 or.
  3. (Gaztelaniaz) Gutiérrez, Adriana María Ruiz. (2017). «Crisis de la noción de autoridad» Universitas Philosophica 34 (68): 143–172. (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  4. «A Dictionary of Greek and Roman Antiquities (1890), AUCTORITAS PATRUM» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-09-02).
  5. «Fuenteseca-Auctoritas-principio-constitucional-romano» www.dirittoestoria.it (Noiz kontsultatua: 2023-09-02).
  6. «Cicero: de Legibus III, 28» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-02).
  7. Mommsen, Theodor (1887), Römisches Staatsrecht, Volume III, Chapter 2.
  8. (Gaztelaniaz) «Resumen de El significado unitario del término "Auctoritas en sus orígenes". - Dialnet» dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2023-09-02).
  9. «Cassius Dio — Book 56, 28» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2023-09-02).
  10. Cf. Ulpiano, D. 1, 4, 1 : quod principi placuit legis habet vigorem (« enperadoreak erabakitakoak legearen indarra du»).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q758675
  • Wd Datuak: Q758675