Elías Torres Tur
Elías Torres Tur | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Eivissa, 1944 (79/80 urte) |
Herrialdea | Espainia |
Hezkuntza | |
Heziketa | Bartzelonako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa |
Hizkuntzak | katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa eta katedraduna |
Enplegatzailea(k) | Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa |
Jasotako sariak | ikusi
|
Elies Torres Tur (Eivissa, 1944) Balearretan jaiotako arkitektoa da. Bartzelonan egin zituen ikasketak. 1968an eskolak ematen hasi zen ikasketak egin zituen lekuan bertan, Escola Tècnica Superior d'Arquitectura de Barcelona (ETSAB) (Bartzelonako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa) delakoan, 1978ra arte. 1973-1977 urte-bitartean Eivissako elizbarrutiko arkitekto-kargua izan zuen. 1979tik aurrera paisaiaren arkitektura eta marrazketa-eskolak ematen hasi zen Bartzelonako Unibertsitatean. Bestalde, UCLA Unibertsitatetik (University of California, Los Angeles) eta Harvardeko Unibertsitatetik (Massachusetts) deitu izan zuten ikastaroak emateko. Lehen unibertsitatetik 1977an, 1981ean eta 1984an; eta bigarrenetik, 1987-1988 urteetan.
1980an, Eivissa eta Formenterako Arkitektura Gida idatzi eta argitaratu zuen. 1969tik aurrera, José Antonio Martínez Lapeña arkitektoarekin batera lan egin zuen eta bien arteko elkarlanak oso emaitza onak eman zituen. Aipagarriak dira, beste obra askoren artean, Mora d'Ebreko Erietxea eta Bartzelonako Olinpiar Hiriko etxebizitzak. Liburu asko idatzi ditu, nazioarteko arkitektura-sari askotako epaimahaiko izan da, eta hitzaldiak eman eta erakusketa askotan parte hartu du Europan, Estatu Batuetan eta Japonian.
Torres eta Lapeñaren obran nabarmena da Espainiako Mediterraneo aldeko arkitekturaren eragina. Pintura, eskultura eta izadia dituzte inspirazio-iturri nagusiak. Haren obran bi motatako lanak bereiz daitezke: lan batzuk pertsonalak eta adierazkorrak dira (adibidez, L'Hospitaleteko elizaren berrikuntza, Eivissan, eta itsasertzeko pasealekua eta gotorlekuak, Palman), eta beste batzuk, berriz, arrazionalagoak eta kontrolatuagoak, prozesu normatibo eta geometrikoen bidez eraikiak, adibidez Canovellesko etxebizitzak (1977-1983); Gandesako Lehen Laguntzarako Zentroa (1983-1986); Mora de Ebroko Erietxea (1982-1988), eta Malagako ikasle-egoitza.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Datuak: Q11918862
- Multimedia: Elías Torres Tur / Q11918862