Frantziako ekonomia

2018an Frantziako ekonomia munduko 6. handiena izan zen.

Alemania eta Erresuma Batuarekin batera Europako herrialde ahaltsuena da Frantzia, eta munduko ahaltsuenetako bat. G-7 taldeko kideetakoa da, hori da, munduko zazpi herrialde industrializatuenetako bat. Lehen sektore oso emankorra, askotariko industria eta hirugarren sektore gero eta indartsuagoa (Barne Produktu Gordinaren % 70 1994an) dira Frantziako ekonomiaren oinarri nagusiak.

Lehen sektoreak biztanle aktiboen % 6 besterik ez du enplegatzen, baina pisu handia du nazioaren ekonomian. Nekazaritzari dagokionez, laborea lantzen da gehienbat: garagarra, artoa eta batez ere garia. Garia iparraldean lantzen da nagusiki (Bretainian eta Alsazian) eta artoa, berriz, Akitanian batez ere, baina Loira eta Rodanora ere zabaltzen ari da. Arroza Rodanoren deltan lantzen da eta azukre erremolatxa, garia bezala, iparraldean. Hiri handien inguruetan fruitu arbolak jartzeko ohitura zabaltzen ari da. Ardogintzak garrantzi eta ospe handia du Frantzian. Mundu osoan ezagunak dira Bordele, Alsazia eta Champagneko ardoak (xanpaina). Abeltzaintzak nekazaritzak baino are garrantzi handiagoa du eta Europako inportanteena da, batez ere behi hazkuntza. Frantzia da Europako esneki ekoizle nagusia. Zerri eta ardi hazkuntzak ere garrantzi handia dute.

Arrantzak bigarren mailako garrantzia du nazioaren ekonomian, baina garrantzitsua da iparraldeko eta ekialdeko kostaldean. Aipagarriak dira Dunkerque eta Boulogne portuak iparraldean, eta Douarnenez, Concarneau eta Lorient (Bretainia). Frantziako zur produkzioa, berriz, Europako Batasuneko handiena da, dituen 14 milioi hektarea baso baino gehiagori esker. Vosgeak, Jura eta Alpe mendietako basoetatik ateratzen da gehiena, baina zuhaitzez landatutako sail handiak daude, halaber, hegoaldean eta mendebaldean.

Lurpeko baliabideetan burdina da ugariena. Mea handienak Lorrenan daude eta aipagarriak dira Bretainia eta Normandia Beherekoak ere. Burdinaren ondoren harrikatza da mea nagusia; Lorrenan, Nord-Pas-de-Calais eta Massif Centralen aurkitzen dira meategi inportanteenak. Nolanahi ere, bai burdina bai harrikatzaren produkzioa gainbehera doa. Aitzitik, aluminioaren produkzioa handitzen ari da, Languedoc-eko bauxita hobi aberatsek hornituta. Petrolioaren eta gas naturalaren produkzioa oso txikia da, eta kanpotik ekartzen de ia dena.

Industriak biztanle aktiboen % 28 enplegatzen du eta barne produktu gordinaren ehuneko bera hartzen. Siderurgia indartsu bati esker munduko altzairu ekoizle handienetako bat da Frantzia, baina jardueraren pisua ekonomian gutxituz joan da azkeneko urteotan, sektorea birmoldatzen ari baita eta enpresa asko ixten. Siderurgia enpresa inportanteenak burdin eta harrikatz meategien inguruetan daude: Lorrena, Nord, Massif Central eta Normandian. Sektore kimikoa oso egoera onean dago, gero eta handiagoa baita ongarri, plastiko eta garbikarien produkzioa. Fabrika nagusiak hiri handien industrialdeetan daude. Frantzia, bestalde, Europako herrialde aurreratuenetako bat da hegazki eta kohete industrian. Guyana Frantsesean du Ariane koheteen probalekua. Paris eta hiri nagusien inguruan (Lyon, Marseilla, Estrasburgo, Bordele, Grenoble) industria elektromekanikoak eta elektrikoak daude. Autogintza da garrantzi handiko beste alor bat: Renault eta Peugeot-Citröen enpresa buruak Frantzian daude. Auto produkzioan Alemania baino ez du aurretik. Proventzan eta Bretainian ontziolak daude. Bestalde, ez da ahaztu behar Paris dela munduko hiri nagusia modari dagokionez, eta, beraz, ehungintza-oihalgintza ere garrantzi handikoa da. Industria tradizionalen artean aipagarriak dira zeramika (Limoges) eta beiragintza (Cognac, Nancy edo Lyon), besteak beste. Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzio handiak, noski, janariak eraldatzeko industria handia du atzean.

Frantziak kontsumitzen duen energiaren % 70 inguru zentral nuklearretan lortzen du, inportazioen mendean ez egoteagatik, ez baitu ez petroliorik ez gas naturalik. Gainerakoa zentral termikoetan eta hidroelektrikoetan lortzen da. XX. mendearen bukaeran 56 erreaktore zeuden martxan, horietako asko 20 urte baino gehiagokoak. Frantzia da Estatu Batuen ondoren munduko bigarren energia nuklear ekoizle nagusia.

Hirugarren sektoreak gora egin du azkeneko urteotan. Gaur egun barne produktu gordinaren % 70 ematen du, eta biztanle aktiboen % 66 enplegatzen. Merkataritza harremanek, bestalde, pisu handia dute ekonomian; munduko bosgarren herrialde nagusia da Frantzia merkataritza harremanetan. Energia produktuetan eta industriarako lehengaietan dituen gastu ikaragarriak ez dira kapital ondasunen, elikagaien, kimika gaien, garraiorako material eta kontsumo ondasunen salmentarekin orekatzen. Frantziaren bezero nagusia Alemania da, eta haren ondoren munduko bi herrialde ahaltsuenak (Estatu Batuak eta Japonia) eta Europar Batasuneko herrialdeak. Merkataritza balantzaren defizita beste sektore batzuen irabaziekin orekatzen da, urterik urte haziz joan diren turismoaren irabaziekin, adibidez. Barne merkataritzan aipagarria da enpresak kontzentratzeko joera (saltegi handiak), gero eta handiagoa, hiri inguruetan.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018-12-22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q8057
  • Commonscat Multimedia: Economy of France / Q8057

  • Identifikadoreak
  • LCCN: sh85051216
  • Wd Datuak: Q8057
  • Commonscat Multimedia: Economy of France / Q8057