Genero gramatikal

Artikulu hau gramatika-generoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Genero».
Herrialdeen generoa frantsesez.: berdez, maskulinoak; morez, femeninoak (Birmaniari, Afrika Erdiko Errepublikari eta Herbehereei erreparatu: le Myanmar vs la Birmanie; le Centrafrique vs la République centrafricaine; la Hollande vs les Pays-Bas [pays, "herrialde", maskulinoa da][1]).

Genero gramatikala izenak zenbait motatan sailkatzen dituen gramatika-kategoria da. Sexu-bereizketan edo bestelako nolakotasun batean oinarritzen den gramatika-kategoria da, hain zuzen ere.

Genero motak

Sexua eta generoa

Europako hizkuntza askoren kasuan generoak sexuarekin (bizidunen generoarekin, hertsiki) zerikusia badu ere, gramatika-generoa maiz arbitrarioa da. Hau da, genero neutrorik ez duen baina maskulino/femeninoa dituen hizkuntza batean, marka maskulino edo femeninoak ematen zaizkie sexurik gabeko objektu arruntei edo baita animaliei ere. Adibide batzuk gaztelaniaz: la ballena (balea, fem., arra ala emea izan), la puerta (atea, fem.), el puente (zubia, mask.). Frantsesez, herrialdeen izenek artikulua daramate eta, horren ondorioz, genero maskulinoa edo femeninoa dute, banaketa arbitrario samarrean.

Europako hizkuntzen artean, sexua normalean generoaren bereizgarri agertzen dela jakinik, ñabardurok daude:

  • bi genero, bereizketa argiki maskulinoa eta femeninoa, gaztelaniaz eta frantsesez bezala,
  • hiru genero: maskulinoa, femeninoa eta neutroa (adibidez, txekieraz, alemanaez, errusieraz...)
  • bi genero: batetik, komuna (maskulinoa eta femeninoa) eta, bestetik, neutroa (danieraz, suedieraz, norvegieraz...).

Izen-klaseak

Hizkuntza batzuek —Afrikako zenbaitek, adibidez— sei generotatik gora dituzte, sexuarekin zerikusirik ez dutenak, eta kasu horietan, izen-klase kontzeptua maizago erabiltzen da generoarena baino.

Generoaren markak eta komunztadura

Izenen sailkapenerako kategoriak dira generoak, eta agerpen morfemikoa batzuetan izenetan har dezakete, baina ez beti.

Gaztelaniaz, izenen generoa bukaeran agertzen da normalean. Ipar Amerikako kathlamet hizkuntzan, berriz, aurrizki gisa, baina bi kasuetan nahiko parekagarriak dira kasuak:

  • Gaztelaniaz: perro, perra (txakur arra, txakur emea); muchacho, muchacha (mutila, neska).
  • Klathlamet: ikʔútkʔut, akʔútkʔut (txakur arra, txakur emea); ikásqax, akásqax (mutila, neska).

Izenetan markarik ez den genero-sailkapenik ere bada hizkuntzetan, baina nolabait, kasu horietan, komunztaduran agertu beharko da genero-bereizgarritasuna.

Generoaren komunztadura beste morfema batzuekin gerta daiteke: determinatzaileak, izenlagunak, numeralak, aditzak... Gaztelaniaz, komunztadura gertatzen den izenlagun edo adjektiboen amaierarekin eta artikuluekin:

  • Gato (katar), el gato (katarra), el gato negro (katar beltza), los gatos negros (katar beltzak).
  • Gata (kateme), la gata (katemea), la gata negra (kateme beltza), las gatas negras (kateme beltzak).

Galesez, komunztadura zein izen-eraldaketa parametro bitxietan gertatzen da, hitz hasierako kontsonantea aldatuz:

Izena Artikuluarekin Izenlagunarekin
Maskulino singularra mab "seme" y mab "semea" y mab mawr "seme handia"
Femenimo singularra merch "neskato" y ferch "neskatoa" y ferch fawr "neskato handia"

Generoa eta euskara

Euskaraz, oro har, izenak generoa adierazten ez badu ere, aditzen, jokatuen zein laguntzaileen, bigarren pertsonak bereizten ditu maskulinoa eta femeninoa, marka desberdinak baitituzte (hik ikusi duk / hik ikusi dun; hiri eman diat / hiri eman dinat). Gainera, forma alokutiboak erabiltzean ere, genero-markak beste pertsonetan ere agertzen dira (haiek etorri dituk / haiek etorri ditun; ez zagok eskubiderik / ez zagon eskubiderik).

Lexikoan ere generoa (eta sexua) bereizteko erarik bada (gizon / emakume, zaldi / behor...).

Izen bakarra duten animaliak bereizteko "ar" eta "eme" hitzak erantsiz egiten du gehienetan ("Txakur-arra" eta "txakur-emea").

Gutxitan hitz ezberdinak erabiltzen da arrak eta emeak bereizteko, eta oso kasu arraro batean, kumeentzat: txahala (urrixa (eme), idiskoa (arra))

Familia Arra  Emea
Erleak erlea, erle-arra erlama / erle erregina
Erlamandoak erlamandoa erle langilea
Zaldiak zaldia, garañoa behorra, behoka
Astoak astoa, astarra astemea
Mandoak mandoa, mandarra mandemea
Behiak idia, zezena behia, biga
Ahuntzak akerra ahuntza
Ardiak aharia ardia
Txerriak txerria, urdea (aketz, ordots) urdanga, zerrama
Oiloak oilarra oiloa
Indioiloak indioilarra indioiloa
Katuak katua, katarra katemea
Otsoak otsoa otsemea

Bestalde, behe-nafarreraz eta zubereraz (eta erronkarieraz) bada -sa atzizkia, izen femeninoak eratzeko (artzain / artzaintsa; alargun / alarguntsa); beste euskalkietan, ordea, ez da atzizki emankorra. Hala ere, mailegu (oso) berrietan (Eliza Santa Katolikoa, emakume alta bat), eta baita ahozko erabilera arruntetan ere (gezurtero / gezurtera; maja / majua; guapa / guapo) badira adibideak euskalki guztietan, baina gaztelaniaren eraginekoak direla bistan da.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  1. (Frantsesez)Liste des noms de pays, Le Bureau de la traduction du Services publics et Approvisionnement Canada

Kanpo estekak

  • "Euskara hizkuntza sexista al da?" (Amaia Alvarez Uria)
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q162378
  • Identifikadoreak
  • BNE: XX542766
  • BNF: 12073707z (data)
  • GND: 4124912-4
  • LCCN: sh00002547
  • NKC: ph123458
  • SUDOC: 029024609
  • AAT: 300411847
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Wd Datuak: Q162378