Malawiko musika

Tsar Leo izeneko malawiar rap kantaria.

Malawiko musika afrikar, britainiar eta amerikar musikaren eragina izan du historikoki. Malawiarrak bidaiariak eta langile migratzaileak izan dira denbora luzean, eta, ondorioz, haien musika Afrikako kontinente osora zabaldu eta beste musika mota batzuekin nahastu da. Malawiko musikaren hedapenaren eta nahasketaren arrazoi historikoetako bat Bigarren Mundu Gerra izan zen, hango soldaduek urrutiko lurraldeetara eraman zutelako Malawiko musika, eta beste musika batzuk ekarri zituztelako bueltan. Gerraren amaieran, adibidez, gitarra eta banjo bikoteak ziren popularrenak dantza taldeetarako; bi instrumentu horiek, noski, inportatuak ziren. Hego Afrikako eta Mozambikeko meategietan lan egiten zuten malawiarrek ere izan zuten eraginik musika estiloen fusio eta nahasketan, besteak beste Kwela izeneko musika estiloa sortuz.[1]

Garai kolonialean, Malawik oso abeslari ezagun gutxi eman zituen. Abeslari horietako bat Tony Bird izan zen, Nyassalandian jaiotako rock-folk abeslaria, garai kolonialeko malawiar arrunten bizitzari buruzko musika antikoloniala interpretatu zuena. Haren musikan, malawiar eta afrikaner tradizioak bateratu zituen. Haren estilo herrikoiak Ladysmith Black Mambazo taldearekin bira bat egitera eraman zuen 1980ko hamarkadan.

Hastings Banda presidentearen agintaldian, izaera sexualki edo politikoki subertsiboa zen musika zentsuratu zen. Horren ondorioz, artista gutxik lortu zuten izen bat egitea nazioarte mailan 1964tik 1994ra. Hala ere, 1994ko alderdi anitzeko lehen hauteskundeen ondoren, artista askok izan zuten aukera euren artea publikoki praktikatzeko, eta Malawiko musika hazten hasi zen, orain Malawin entzun daitezkeen musika moduak garatuz.

1994az geroztik, herrialdeak etengabeko hazkundea izan du musika-industrietan eta abeslari ospetsuen kopurua ugaldu egin da. Aurreko garaietako zentsuraren ondorioz, gaur egungo malawiar artista asko gazteak dira batez ere. Young Kay bezalako artistek industriako beteranoen babesa jaso dute eta elkarrekin lan egiten dute Malawiko musikari nortasun berri bat emateko.[2]

Artista asko nazioartean ere ari dira ospea lortzen; ezagunenak Wambali Mkandawire, Erik Paliani, Lucius Banda, Tay Grin, Esau Mwamwaya eta Tsar Leo Lewis Kwitsa (Lulu) dira. 2015ean Malawiko musika lehen aldiz Grammy Sarien 58. edizioan saritua izan zen, Zomba Prison Project delakoak I Have No Everything here izenburuko diska munduko musika diskorik onenaren saria irabazi zuenean.

Erreferentziak

  1. Reviving Malawi's music heritage. (Noiz kontsultatua: 2012-01-29).
  2. Jamati Online | Malawian Music has no identity. (Noiz kontsultatua: 2012-01-29).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q6942167
  • Commonscat Multimedia: Music of Malawi / Q6942167

  • Wd Datuak: Q6942167
  • Commonscat Multimedia: Music of Malawi / Q6942167